XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erroma Berpizkundean

Erroma enperadoregoaren hiriburua izan zen, baina XIV. mendean lehengo egunen loria oroitzapen urruna baino ez zen erromatarrentzat; izurriteak, administrazio txarrak eta gupidarik gabeko kriminaltasunak biztanle kopurua neurri handi batean urritu zuten.

Sixto Aita Santu aukeratu zutenean, egoera hobe samarra zen, aurreko Aita Santuek Erroma hiriaren lurralde mugakide gehienetan bakea ezartzea lortu zuten eta.

Lorpen hauek garrantzia handikoak izan ziren, lurralde horiexetatik hain zuzen heltzen bait ziren Erromara premia biziko elikagaiak, hala nola garia, gatza, haragia eta ardoa.

Sixtoren aitzindari batzuk, eta 1447.etik 1455.era bitartean Aita Santua izan zen Nikolas Vak bereziki, hasiera eman zioten hiria berreraikitzeko proiektuari, aintzinako aurriak zaharberritzeari zein Berpizkundeko estiloko eraikin berriak jasotzeari ekinez.

Nikolas V deliberatuta zegoen Erroma berriro ere munduko hiriburua izan zedin, lehenago izan zen bezala, eta helburu berari lotu zitzaizkion bere ondorengoak.

XV. eta XVI. mendeetan, Italiako alde askotan, enperadoregoaren sasoiko eraikin zaharren aztarnak gordetzen ziren oraindik, baina iraganarekiko interes berria sortu baino lehenago, eraikuntzarako gai-iturri eroso soiltzat hartzen ziren; hortaz, erliebe eta marmolezko estatua asko suntsituak eta erreak izan ziren karea egiteko, bertatik gero zementua lortzeko.